XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

POPULAZIOEN KUDEAKETA

Beraz, nola egiten da praktikoki populazio horien kudeaketa?

Hiru kasu desberdin behar dira ikusi: lehendabizikoa, jadanik piska bat aipatu duguna, azienda handiena dugu, eman dezagun ugaztun handiena, ungulatuena; bigarrenez azienda txikiak ditugu, eta hauek planteamendu desberdina dute ikusiko dugunez; eta azkenik migratorioen kasua dugu.

Hauexek dira hiru arazo bereziak.

AZIENDA HANDIAK: UNGULATUAK

Printzipioa ikusia dugu jadanik: kapitala behar da zaindu, eta interesak soilik bildu.

Adibide gisara oreina hartuko dugu oraingoan.

Behar da ikusi lehenik zein eremutan egingo dugun kudeaketa hori.

Behar da ongi definitu zein oihanetan eginen den.

Kudeaketa ez da egiten ahal herri baten mailan, herri txiki baten mailan; ez da jendearen arabera egin behar, baina azienden arabera.

Oreinaren kasua hartzen badugu, eta orein-populazio batek 10.000 Ha behar baditu ongi bizitzeko, populazio horren azterketak gutxienik 10.000 Ha hartu beharko ditu, normala denez.

Orkatzaren kasuan, azterketak 600 Ha-tik gorako lurraldea beharko du (lurralde txikiagoa behar bait du orkatzak), eta basurdearenean berriz, lan serio batek 15.000 Ha behar ditu gutxienez, populazio guztia orokorki hartzeko.

Behin azterketa-eremua finkatu eta gero, lehendabiziko lana populazioa ezagutzea izanen da.

Eta horretarako, noski, kontatu egin beharko dira, ahalez udaberrian, gazteak sortu aitzin.

Ba dira anitz metodo populazioaren tamainua ezagutzeko.

Batetik ba dira metodo zuzenak, burutzeko nekezak direnak eta jende askoren parte hartzea eskatzen dutenak; aziendak, heuren bizilekuetatik atera erazi eta kontatu egiten dira zuzenean.

Bigarrenez, ba dira zeharkako metodoak ere, arinagoak, indizioetan oinarritzen direnak: honela, erran dezagun 10.000 Ha dituen lurraldea dugula arakatzeko; zeharkako metodoaren bitartez aski izanen da bertan pasaia edo ibilbide bat prestatzea, eta udaberrian bertan ibiliz zenbat azienda ikusten diren kontatzea.

Bigarren metodo honen bitartez finitzean ez dugu dentsitaterik ukanen, baina urte batetik bestera lorturiko datuak konparatzen baditugu ikusten ahal dugu populazioa gorantz ala beherantz ari den.

Eta hau beti ere interesantea da, batez ere arront jende gutxi behar da-eta lana burutzeko hiru edo lau lagunek egiten ahal dute lan hau leku batetan, hamabost egunez eman dezagun.

Populazioaren tamainua ezagutu ondoren behar da ikusi zenbat sortuko diren, zenbat hilen diren, eta azkenik zenbatez emendatuko den populazio hori urte batetik bestera.

Oreinaren kasua hartzen badugu bizpahiru kasu ikusiko ditugu, populazio bat bere ingurunearekin orekan delarik, orein-populazioa %20an emendatzen da.

Orkatzaren kasua hartzen badugu berriz, emendioa handiagoa izaten da, anitzek bi kume egiten bait ditu, eta honela, urteko emendioa %30ekoa izaten ahal da.

Sarrioa berriz, mendian bizi da, hiltze gehiago gertatzen da bertan, eta urteko emendioa %15ekoa izaten da beraz.

Honela bada, 100 oreinez osotutako populazioa baldin badugu, eta nahi badugu populazio hori beti hein berean atxeki, urtearen buruan 120 izanen ditugu, eta beraz beharko dira 20 azienda ehizatu.

Eta sistema horixe da gero aplikatua dena.

Frantziako estatuan kudeaketa-sistema hau legez burutu beharrekoa da 1968az geroztik, eta handik aurrera populazioak azkar goratu dira, eta orkatza esaterako azkar aitzinatu da Piriniotaraino.

Zeren eta bestela zer gertatzen zen?

Ehiztariak joaten ziren ehizera, eta ikusten zuten guztia hiltzen zuten.

Aldiz orain desberdina da.

Eman dezagun leku batetan oreina edo orkatza hiltzeko eskubidea ba dutela, baina azienden %20-30a soilik urtean, nahi badute populazioa hein berean atxeki.

Era berean, orkatza berritik heltzen den lekuetan, eta populazioa oraindik goratzen ari delarik ehiztariek %10-20 ehizatzen ahal dute soilik, eta honela aldi berean populazioak hazten segitzen ahal du.

Ikusi dugu beraz, sinpleki, nola kudeatzen ahal diren populazio batzu.

Erran nahi da aitzinetik, politika hau aplikatu aitzin, babeslekuak ba zirela, erreserbak ba zirela azienda horientzako orkatzarentzako, oreinarentzako, eta abar.

Sistema hori aplikatuz geroztik babesleku horiek guztiak kenduak izan dira zeren eta ez bait zuen itxurarik horien atxekitzeak; 20 orein behar zirelarik hil, 20 behar ziren hil, eta berdin zuen babesleku batetan hiltzea edo ez; eta arrazoi beragatik, elurrarekin ere zilegi da horien ehizatzea.

Eta ondorioz gauzak frango aldatu dira.

Kasu sinpleenak alde batera utziaz ordea, ba dira hainbat arazo zenbait espezierekin.